Elkartea

LOGO INDIANOAK IBAIALDE JPEG

Indianoak-Ibaialde gure elkarte hau jaio berria da: 2015eko azaroa.

Bere helburua da “harremanak lantzea Euskal Herriaren eta diasporaren artean”, interesgunetzat hartuta “harreman horien alderdi historikoak, kulturalak eta kirolekoak, alderdi ekonomikoak ere barruan direla”.

Logo IbaialdeIbaialde elkartearen kume bat da. Ibaialdek jada eginak ditu traineruz bi espedizio (2003an eta 2013an)  Quebeceko San Laurendi ibaian gora, espedizio bakoitzean 500 km baino gehiago osatuz, baina, ikusirik “Ternua 2017” espedizio berri honen pisua, erabaki zen berariazko elkarte bat eratu behar genuela, 2017ko espedizioa bere gain har zezan.

Ibaialde elkartea bera 1980an eratu zen, Aturri ibaiaren magalean, “kirola, kultura eta jaia” hiru esparruak ardatz zituela, gure goiburu honek sinbolizatzen duen bezala: « Kirol, Kultur, Kafe eta Koñac »!

Hirurehundik gorako bazkidek akuilaturik, elkarteak jarduera-aukera zabal bat eskaintzen du:  arraunketa, boxeoa, mutxikoa, saltsa, munduan barrenako dantzak, lasterketak, kantua eta euskarako ikastaroak. Berak sortuak dira gaur egun oso sustraituta dauden agerraldi ugari: Hirukasko, Korrikleta, Zango-Joko, Dantzazpi, Kantaleon …

Elkartearen arraun atalak hirurogeita hamar arraunlari baino gehiago ditu; emakumezkoak eta seniorrak tartean. Ontzi ugari ditu, 3 eta 14 arraunlarikoak traineruen modalitatean, eta urtero parte hartzen du hainbat kirol  txapelketatan.

Atal horrek kudeatu zituen 2003ko eta 2013ko “Indianoak” espedizioak: San Laurendi ibaian gora egin zuten Montrealera iristeraino; 1000 km baino gehiago guztira.

2017an, elkarteko arraunlariek bat egingo dute Getxoko eta Zarauzko klubetakoekin, eta baita Montrealgoko eta Saint-Pierre eta Mikeluneko arraunlariekin ere. Erronka berri bat dute zain, gure arbasoen lorratzari jarraituko baitiote Ternuako eta Saint-Pierre eta Mikelune frantses uharteetako ur hotzetan.